Sarritan entzun izan dugu ikusten duguna edo kontsumitzen duguna garela; baina, ikusten edo kontsumitzen dugun hori, izan nahi duguna ez bada eta izan nahi genukeen hori lortzeko erreferenterik ez badugu?
Datuak mintzo dira. 2019. urtean, lehen aldiz, Donostiako zinemaldiko antolatzaileek generoaren aldagaia aintzat harturik, txosten bat argitaratu zuten. Zifra horien arabera, zuzendaritzaren, produkzioaren, teknikoaren, gidoiaren, muntaketaren, argazkiaren eta musikaren arloetan parte-hartu zuten guztien %70 genero maskulinoarekin identifikatzen dira; %30a aldiz, genero femeninoarekin. Nolanahi ere, ikasketei dagokionez, datuak bestelakoak dira: erdiak baino gehiago emakumeak izan ohi dira. Hortaz, begi-bistakoa da desoreka; estatistikak dira sexismo horren lekuko.
Esanak esan, zailtasuna ez dago emakumezko zinemagileak zinemaren eta ikus-entzunezkoen industrian sartzea, bertan gelditzean baizik. Ezin aipatu gabe utzi, kristalezko sabaia hori, pantaila bihurtuta. Ekin eta ekin dabiltza hamaika emakume, datuen gordintasuna nabarmenduz, aukeren parekidetasuna aldarrikatuz eta ikusgarritasuna oihukatuz. Horra hor emakume askoren lana, inertziak apurtzen, datorrena iraultzen.
Kultura, ideiak sortzeko eta hedatzeko duen garrantziagatik, giltzarria da. Ikustetik ikasten bada, ikus eta berrikus dezagun argazki hori. Jarrai dezagun, bada, nola ez, sortzen eta elkar babesten.
Iturria: vice.com, 2019 |
Garazi Karrera Lopetegi
No hay comentarios:
Publicar un comentario