miércoles, 31 de marzo de 2021

'Sky Rojo' telesaila, Netflixen azken arrakasta

'La casa de papel' telesaileko sortzaileen lan berriak ikuslegoa harrapatu du



Marka guztiak gainditu ditu Netflix plataformak pasa den martxoaren 19an estreinaturiko telesail berriak. 'Sky Rojo' telesailak hainbat gai interesgarri jorratzen ditu, besteak beste, prostituzioa, sexua, drogak eta genero indarkeria. Alex Pina eta Esther Martinez, 'La casa de papel' arrakastatsuaren sortzaileak dira telesail honen egileak, eta berriro ere lortu dute haien produkzio bat mundu-mailako telesail ikusienetakoa bilakatzea. Estreinatu ondorengo asteburuan Twitter sare sozialean trending topic mundiala izatera iritsi da, eta Netflixeko "Top 1" postuan jarraitzen du oraindik. 

Telesailak ikusleak erabat harrapatzeko arrazoi handienetako bat haren erritmoa izan da. Intriga eta akziozko tramak uztartzen dituzten telesailetan, gutxienez 40 minutuko atalak ikustera ohituta dago ikuslegoa, baina kasu honetan, 'Sky Rojo'-ren 8 atalek 25 minutuko iraupena dute. Oso erritmo azkarra du, eta sekuentzia guztietan akzioa nagusitzen da. Kritikei dagokienez, polemika handia sortu da telesailaren estreinaldiaren ondorioz, eta jorratzen dituen gai gogorren inguruko denetariko iritziak sortu dira. Hala ere, polemikak alde batera utziz, bigarren denboraldia datorren uztailaren 23an estreinatuko dela iragarri du Netflixek.

Mattin Azpiroz Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario