miércoles, 31 de marzo de 2021

 Goya sari ahaztezinak


Goya sarien 35. edizioa martxoaren 6an ospatu zen Malagako Soho CaixaBank Antzokian. Aurtengoan Antonio Banderas aktorea izan zen galaren aurkezle eta zuzendaria, baina pandemiaren eragina dela eta Goya sarien gala berezi eta ahaztezinena zuzendu zuen. "Las Niñas" eta Akelarre izan ziren galako protagonistak, hiru eta bost sari eskuratuta.

166 nominatuak 138 ekipoetan konektatu behar izan ziren nork bere etxetik ekitaldia jarraitzeko.  Eszenatokia  artista gonbidatuek bakarrik zapaldu zuten, notarioak emandako gutun-azalak ireki zituzten 40ek, non sarituen izena agertzen zen. Musika emanaldiak egun batzuk lehenago grabatu ziren, non Nathy Peluso, Vanessa Martín, Diana Navarro eta Aitana aritu ziren. 


Talde osoak eta parte hartzaileek PCR negatiboa eman zuten gala baino 72 ordu lehenago, baina Antonio Banderasek adierazi duenez, osasun neurrien arabera ekitaldia egoerara egokituz joan da eta azken egunean ere gonbidatu batzuk aldatu behar izan zituzten covid-19-a zela eta.


Oso gala hunkigarria izan zen, bizitzen ari garen egoera dela eta; beharbada, ohi baino umore falta handiagoa izan zen, baina pandemiaren biktimak oroitu ziren errespetu handiz.







'Sky Rojo' telesaila, Netflixen azken arrakasta

'La casa de papel' telesaileko sortzaileen lan berriak ikuslegoa harrapatu du



Marka guztiak gainditu ditu Netflix plataformak pasa den martxoaren 19an estreinaturiko telesail berriak. 'Sky Rojo' telesailak hainbat gai interesgarri jorratzen ditu, besteak beste, prostituzioa, sexua, drogak eta genero indarkeria. Alex Pina eta Esther Martinez, 'La casa de papel' arrakastatsuaren sortzaileak dira telesail honen egileak, eta berriro ere lortu dute haien produkzio bat mundu-mailako telesail ikusienetakoa bilakatzea. Estreinatu ondorengo asteburuan Twitter sare sozialean trending topic mundiala izatera iritsi da, eta Netflixeko "Top 1" postuan jarraitzen du oraindik. 

Telesailak ikusleak erabat harrapatzeko arrazoi handienetako bat haren erritmoa izan da. Intriga eta akziozko tramak uztartzen dituzten telesailetan, gutxienez 40 minutuko atalak ikustera ohituta dago ikuslegoa, baina kasu honetan, 'Sky Rojo'-ren 8 atalek 25 minutuko iraupena dute. Oso erritmo azkarra du, eta sekuentzia guztietan akzioa nagusitzen da. Kritikei dagokienez, polemika handia sortu da telesailaren estreinaldiaren ondorioz, eta jorratzen dituen gai gogorren inguruko denetariko iritziak sortu dira. Hala ere, polemikak alde batera utziz, bigarren denboraldia datorren uztailaren 23an estreinatuko dela iragarri du Netflixek.

Mattin Azpiroz Pagola

Asiarren aurkako indarkeriaren gorakada Estatu Batuetan, eta hori salatzeko sortu den mugimendu berria


Azken asteetan, sare sozialetan #StopAsianHate mugimendu berria sortu eta hedatu da, bereziki Estatu Batuetan asiar-amerikarren aurka dagoen biolentzia eta diskriminazioari buruz kontzientziatzeko eta egoera salatzeko. Mugimendu birtual honez gain, New York bezalako hiri estatubatuar batzuetan kaleko manifestazioak ere agertu dira.


Covid-19ak sortutako osasun-larrialdiaren lehen asteetan ere asiatarren aurkako diskriminazio irrazional hau ere ikusten zen, baina sare sozialetako mugimendu hau ez da hasi pandemiaren hasiera eta urte bat ondoren arte. Mugimendu honen katalizatzaile San Franciscoko hirian urtarrillaren 28an gertatutako eraso bat izan zen, non 84 urteko gizon tailandiar bat erasotua izan zen, eta bi egun ondoren hil egin zen.  Amanda Nguyen eskubide zibilen aktibistak eraso honen bideoa ikusi zuen, eta honi buruz komunikabideek emandako estaldura faltari erantzunez, bideo bat igo zuen Instagramera eraso honetaz eta azken asteetan asiar-amerikarrek jasan behar izan zituzten beste eraso batzuei buruz hitz eginez. 


Honi esker, sare sozialetan #StopAsianHate mugimendua sortu zen; eta eraso hau eta beste batzuk argitara ekarri dira, izan ere, pandemiaren hasieratik asiatarren aurkako eraso hauek gora egin dute mundu-mailan: NBC komunikabide estatubatuarrak jakinarazi duenez,  azken urtean asiatarren aurkako 3,800 eraso arrazista egon dira Estatu Batuetan. 



Naia Young Kalzakorta

martes, 30 de marzo de 2021

Etorkizunera itzultzea











Love of Lesbian taldearen kontzertua Bartzelonako Sant Jordi Jauregian. — Alejandro García/Efe

Love of Lesbian taldeak 5.000 lagun bildu zituen aurreko larunbatean Bartzelonako Palau Sant Jordin,  pandemia garaiko distantzia sozialik gabeko lehenengo kontzertu masiboa ospatzeko. Esperimentu klinikoak pandemia garaian kontzertu handien segurtasuna frogatu nahi du. Ondo ateratzen bada, udako jaialdiak eta ekitaldi handiak nolakoak izango diren jakingo dugu. 

Kontzertura joan ziren ikusleek antigeno test azkar bat egin behar izan zuten sartu aurretik. Gainera, FFP2 maskara bat zeramaten, eta tenperatura hartu zitzaien esparrura sartu aurretik. Kultura Seguruaren Aldeko Jaialdia plataformak (kontzertatuaren antolatzailea) 200.000 euro bideratu zituen, osasun neurri guztiak bermatzeko. Sarrera bereiziak, taberna-eremuak eta osasun-instalazioak zeuden, ikusleak kokatu ziren hiru guneetan. Ez zitzaien leku batetik bestera mugitzen utzi, baina guneen barruan edariak kontsumitzeko aukera zegoen horretara bideratutako txoko berezietan. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, aireztapen bereziki indartsua egon zen.

Esan beharra dago, kontzertuak aurrekari argi bat izan duela. 2020ko abenduaren 12an, Bartzelonako Apolo aretoan Primavera Sound jaialdia ospatu zen. 465 pertsona bildu ziren larunbateko kontzertuko egoera berean eta ez zen kutsatzerik eman. 

Emaitzen zain egon beharko dugu. Agian etorkizun hurbilean, kontzertu masiboen itzulera izango dugu eta udako jaialdiren bat ospatzeko aukera egongo da. Bitartean musika pixka bat, Love of Lesbianen kanta mitiko bat 1999, Santi Balmes, Ivan Ferreiro abeslari galiziarrarekin batera. Madrileko Sala Rivieran zuzenean grabatua. Gozatu!


Jon Castañeda




 Demi Lovatoren bizitzari buruzko egia osoa kontatzen duen dokumentala

Demi Lovato

'Dancing with the Devil' Youtube Originals telesail berria da, martxoaren 23an estreinatu zena eta guztira lau kapitulu dituena. Demi Lovato abeslari eta aktorearen bizitzari buruzko dokumentala da, bere bizitzako atalik ilunenei buruzkoa hain zuzen ere. Bertan, bortxaketak, gaindosia eta osasun mentala aipatzen dira, horrek duen eraginaz eta garrantziaz jabetu nahi izan duelako abeslariak.


Neskaren bizitza ez da inoiz erraza izan, txiki-txikitatik aurre egin behar izan zion gurasoen hazkuntza konplikatuari. Izan ere, bere aitarekin zuen harreman zaila dela eta, Lovatoren adikzioak gora egin zuten. Alkoholikoa izan zen eta drogen mendekotasuna izan zuen 17 urterekin, eto ondorioz, bere elikadura desordenei lotutako gaixotasunak jasan zituen. Beraz, guzti honek eragina izan zuen bere etorkizunean.


'Dancing with the Devil' dokumentalaren trailerra

Dokumentalean, duela bi urte gaindosi bat hiltzeko zorian egon zela eta bere sendatze-prozesu gogorra nolakoa izan zen azaltzen du aktoreak. Elikadura arazoak eta birjintasuna nola galdu zuen ere aitortzen du bertan, bere lehen aldia bortxaketa bat izan zela argituz. 
Gainera, adierazi du azken urteetan depresioak eta bipolaritatea izan dituela.

Azken finean, dokumentalaren helburua jendea identifikatuta sentitzea eta arazoetatik ateratzea da, abeslariak arazo horiek agerian utzi nahi baititu. Hala eta guztiz ere, bizitako guzti honekin, Lovatok bere ibilbidearekin jarraitzen du gaur egun, abeslari eta aktore gisa.


Astrid Carranza Brizuela






Baleen garrantzia klima-aldaketan



Baleek, itsasoaren begia izateaz gain, ekosistemetan funtsezkoa den funtzio ekologiko bat betetzen dute. Egindako ikerketa baten arabera, badirudi baleek aldaketa klimatikoa geldiarazten laguntzen dutela, baita hil ondoren ere; izan ere, hilotzak lur ozeanikoetara erortzen dira. Horrela, planetaren tenperatura erregularizatzen lagundu dezakete; izan ere, baleek karbonoa gordetzen dute barruan, itsas azaletik sakonera transferitzen dena.


Baleen hilotzak ez dira planetari laguntzen dioten bakarrak. Bizirik dagoen baleak gorotz tonak sortzen ditu bere bizi-funtzioen artean. Gorozki horiek baldintza egokiak sortzen dituzte fitoplaktonaren hazkunderako, eta planetako CO2aren % 40a ere harrapatzen dute. 


Baina albiste positiboekin batera, beti izaten da negatiboren bat. Izan ere, baleen ehizak ez du etenik. Mundu osoan helburu komertzialetarako egiten den baleen arrantzak eta ehizak kate naturala hausten du eta bere onurak erabat ezabatzen ditu.


Baleak ozono-geruzarako gas kaltegarria harrapatzeko sare natural bat izan litezke. Baleak ehizatzeak planetari dakarkion kalte guztia azpimarratu beharko litzateke. Larrialdi klimatikoa benetakoa da, eta izenak berak dioen bezala, larrialdi bat da eta salbatu gaitzakeena hiltzen ari gara. Etorkizuna saihestezina da, eta gure esku dago salbatzea.


 Jon Gañan Mayoral

KAIZEN filosofia

KAIZEN filosofia bizitza osoan zehar aplikatzen jakitea oso garrantzitsua da, batez ere, gure ikasgaian proiektuak egiterako orduan lanaren emaitza hobetzeko prozesuan hau aplikatzeak izugarrizko laguntza emango digu.

Baina, zer da KAIZEN filosofia?

Kaizen hitza japonierako bi ideogramen batura da: KAI (aldaketa) eta ZEN (ona).

Filosofia honen helburua etengabeko hobekuntzen ondorioz hondakinak ezabatzean datza. Hau da, hobekuntza txiki jarraiak izatea hobe da, aldaketa handi bat baino. Izan ere, askotan helburu oso handiak jartzen dizkiogu gure buruari haietara iristeko bidea kontuan izan gabe, eta bideko oztopoekin topo egitean hasarretu eta alde batera uzten dugu dena. Hala ere, filosofia honek ez du ezeztatzen helburu handiak jartzearen ohitura hori. Hori ona dela aipatzen du, beti ere, pauso txikiz aurrera jarraituko badugu eta bidea gutxinaka egingo badugu.

Etengabeko hobekuntza horren barnean hainbat metodologia, kontzeptu eta praktika aurki ditzazkegu, adibidez, klasean aipatutako  5Sen metodo japoniarra. Etengabeko hobekuntza hori eguneroko akzioen bitartez lortzen da eta akzio horiek efektiboak izan behar dute.

Kaizen filosofiaren beste aginduetako bat ondorengo hau da: “Gero eta sinple eta bakunago, hobeto”. Izan ere, Kaizenek ez du teknologia aurrerakoirik eskatzen, soilik sistema eta tresna bakunak dira beharrezkoak, sen onarekin erraz ezar daitezkenak. 

Filosofia hau oso interesgarria da proiektuak burutzerako orduan, izan ere, askotan soilik bidalketa eguna ikusten dugu, eta bidean egin beharrekoak bigarren maila batera pasatzen ditugu. Kontuan izan behar dugu eguneroko akzio txikiek amaierako helburua hobetzeko balio digutela eta oztopo guztiak gainditzeko lehenik eta behin bidean oinez hasi behar garela. 



Jone Maguregi

lunes, 29 de marzo de 2021

Antoni Daimiel: Saskibaloi kazetaritzaren maisua

 

Argazkia: MD.

Saskibaloi munduan aritzen diren kazetarien artean, ezinezkoa da Antoni Daimiel ez goraipatzea. Daimielek, Santiago Segurola ordezkatu zuenetik, NBA-ko neurketak komentatzen ditu Movistar + telebista katean. Izan ere, azkenengo 25 urteetako gauetan ibili da munduko saskibaloi liga onenaren partiduei ahotsa ematen. Denbora gehien eskatzen dion lana aipatutakoa bada ere, Daimiel irratian zein prentsa idatzian ere aritzen da, SER-en eta As-en, hurrenez hurren. Hala ere, azkenengo bi hedabide hauetan garatzen duen lana nabarmen desberdintzen da telebistan aurrera eramaten duenarekin. Kasu hauetan, Daimielek ohargarriki sinplifikatzen du bere hiztegia, teknizismoetatik aldenduz, saskibaloia hurbiletik jarraitzen ez duten pertsonengana hurbiltzeko helburuarekin.

Gainera, lan egiterako orduan, Daimielen bertute nagusiak bere seriotasuna, zuhurtzia eta zorroztasuna dira. Edonola ere, kirol kazetari askok ez bezala, Daimiel hooliganismotik urruntzen da eta neutraltasunez eta objektibotasunez aritzen da, kazetaritzaren kanonak jarraituz.

Guille Giménez-ekin soinez soin

Esatari gisa hasi zenean Andrés Montés kazetari mitikoarekin tandema egin bazuen ere, azkenengo urteetan Guille Giménez izan da Daimielen kidea emankizunetan. Gainera, urteak pasa ahala, haien arteko konplizitatea handituz joan da eta biek batera estilo propio nabarmena eman diete haiek kontatutako norgehiagokei. 


Gontzal Galán

Rock doinuez beteriko argazkiak

Rock-a energia berezi baten kontua da, sentitzen duen orok ulertu baina azaldu ezin dezakeena. Energia horrek bere sorrera aurreko milurteko erdialde aldera ikusi eta azkar ilusioz beteriko belaunaldi oso baten ikur ezinbestekoa bihurtu zen. Baina Rock-a musika bakarrik bezala identifikatzea, bere esentzia alboratzea izango litzateke. Eguneroko gaietaz hitz egiten zuen genero honek magia bere mezuen sinpletasunean topatu zuen eta txikiak gareneko ipuin kontalarien antzera, musikari hauek zertxobait zaharragoak zirenei berriro amestea zer zen erakutsi zien, oraingoan errealitatean.  

Guzti honekin liluratuta, garaiko argazkilariek haien kamerei karretea jarri eta inguruan gertatzen ari zen guztia harrapatzen saiatu ziren, funtsean, Rock-ak aldarrikatzen zuen askatasunarekin batera, ondoren etorri ginenei hura posiblea dela adierazteko.  

Ondorengo argazkiak genero honetako gustokoenak ditut, batez ere, atzean gordetzen duten xarmagatik.











Argazkilaria: Jim Shelley Bethel, NY-rako errepideetan sortutako auto-ilara 1969ko abuztuaren 15ean "Woodstock" jaialdira hurbiltzeko. Gerora historiako musika festibal garrantzitsuena bezala izendatua izan den Woodstock Music & Art Fair-ek 500.000 pertsona bildu zituen, sasoi hartara arteko ekitaldirik jendetsuenean bilakatuz. 


Argazkilaria: Joel Bernstein Joni Mitchell-ek "River" abestian jakinarazi zuen nahia, "Hejira" diska berriaren argitarapenarekin batera 1976. urtean Wisconsin-eko Mendota-n bete zuen, garaiko artista eta poeta gizatiarrena bihurtzen ari zen heinean: ibai izoztu batean patinatzekoa.


Argazkilaria: Linda McCartney  Nerabe zeneko musika-taldea iada amaituta zegoela, 1969an Paul McCartney-k Eskoziara mudatzeko sasoi hoberena zela erabaki zuen bere emazte Linda eta alaba zaharrenarekin batera. Bertan, aurreko hamarkadako bizitza kaotikoa ahazteaz gain, bakarkako lehen album McCartney” prestatu zuen, trilogia bateko hasiera zena.

Lierni Apaolaza Urdanpilleta

GIDOITIK ATERATZEN DEN KLASIKOA

 

Manuel Poyan Cottet tenis kazetariak kontaturiko partida bat ikustea, humorez eta jakintzaz jositako esperientzia bat bihurtu da, ohiko estilotik urrunduz

Iturria:Eurosport

Gutxi dira gaur egun ezberdintasun puntu bat lortzen duten kirol kazetariak. Dena finkatuta eta neurtuta dagoen garaian, ManuelPoyan Tenis kazetari ospetsuak bere estilo bereizezina mantentzen jarraitzen du. Eskarmentu handiko profesional honek, bere hizkuntza klasikoa, gai anitzetako jakinduria eta bere hiztegi xelebrea uztartzen ditu emisioetan.

30 urte baino gehiagoko ibilbidea du Manuelek eta bere jarduera profesionalaren zati handi bat RTVE-n egin du. Orain Eurosport eta DAZN kateetan lan egiten du. Arrunta da bere emisioetan harmailetan agertzen den famatu baten bizitzako pasarteak kontatzea, txutxu-mutxuak aipatzea… Horrek tenis jarraitzaileetatik aparte, bere emisioetara jende asko erakartzea eragiten du. Gainera, bereizezina da bere hizkuntza ezberdinak eta hitz klasikoak uztartzeko estiloa. Izan ere, errebesari “backhand” esatea, bere lagunei “mate” deitzea edo “caballeros” eta “damas” erabiltzea haren oinarrizko hiztegian daude.

POLEMIKA “PURISTEN ARTEAN”

Kirol honen puristek, puntu arteen isiltasuna eta partidan zentratzea eskatzen diete kontalariei. Askotan bere estilo partikularrak horrekin apurtzen du eta horrek zenbait polemika ekarri dizkio. Hala ere, bere ibilbideak sorturiko errespetua eta bere profesio lagunek ematen dioten babesak, eztabaida guztiak errotik mozten ditu.

Asier Bilbao

domingo, 28 de marzo de 2021

Zer da atleta bat izatea? (Nike)


Nike

Nike-k “The toughest athletes” publizitate-kanpaina berria kaleratu du Londreseko Wieden+Kennedy agentziaren eskutik. Kanpaina honetan kirol munduko hainbat emakume ezagun agertzen dira, denak haurdun daudenak; esaterako, Serena Williams tenis jokalaria edo Alex Morgan futbolaria.


Pasa den urteko irailean markak Nike (M) izeneko arropa-lerro berria merkaturatu zuen, haurdun zeuden emakumeentzat, eta lerro hori heldu da orain Europara. Nikek momentu honetaz baliatu da kanpaina berria ateratzeko, eta honen helburua da munduari amatasunaren zailtasunak erakustea, emakume kirolarien bidez.


Bideoan emakume kirolariak atleta bat izatea zer den definitzen saiatzen dira, ama moduan haien eguneroko bizitzen irudiak ikusten ditugun bitartean. Bideoa grabatzeko zoom plataforma erabili zen, pandemia egoerak inor arriskuan ez jartzeko, eta 22 orduko filmazioa lortu zuten amaieran. 


Kirola gizonezkoen mundua izan da betidanik, eta amatasuna oso gutxitan jorratutako gaia izaten da, horregatik da hain garrantzitsua hau ikustaraztea eta honi buruzko testigantzak eta informazioa jasotzea.


Nike-The toughest athletes

Lucía Mozas


jueves, 25 de marzo de 2021

Twitch, bideo-joko zaleen kabi izatetik masa hedabide bilakatzera bidean

2011n, bideo-jokoen eta ikus-entzunezkoen zale talde batek, Twitch izeneko plataforma bat sortu zuen Amerikako Estatu Batuetan, haien bi zaletasunak elkartu eta edonori zuzeneko emankizunak egitea ahalbidetzeko. 2014an, Amazon erraldoiak erosi zuen, eta geroztik, etengabeko hazkundean dago plataforma; haatik, gaurdaino gamer-en kabi hutsa da interneteko masa hedabideen alboan, baina ez luzerako.

Azken hilabeteotan, Twitch frankofonoan joera oso interesgarriak ikus daitezke. Bada, telebistako ikur garrantzitsuak plataformara jauzia egiten hasi dira: lehenik, Samuel Etienne telebista aurkezle ezaguna, bere kabuz iluntze batzuetan politikariei elkarrizketak egiten, eta bestetik, berriki, BFMTVk, 24 orduko albiste telebista kate nagusiak ere egin du plataformarako jauzia, modu traketsean bada ere. Ildo beretik ikusi daitezke, AEBetan Alexandria Ocasio-Cortez senatari demokratak, zalantzarik gabe gustuz eta plazerez egiten dituen emankizunak, edo azken asteetan espainiar estatuan, naturaltasun gutxiagorekin, Iñigo Errejónek egin dituenak.
Trebezia gehiago edo gutxiagorekin, baina ororen gaindi, eszena politiko-mediatikoko ikur hauek Twitch erabiltzen hasteak plataformarentzako inflexio puntu handia dakar. Youtubek duela bost urte inguru egin bezala, marginalizaziotik ateratzen ari da Twitch ere.

Aimar Lopez Erasun

martes, 23 de marzo de 2021

Dezepzioa eta haserrea Grammy-ekiko

BTS hegokorear bandaren "Dynamite" abestiaren Grammy emankizuna. Iturria: Nación Rex.


Abeslariek eskaintzen dizkiguten lan hoberenak aitortzeko sari garrantzitsuenetako bat Estatu Batuetako Grammy Sariak dira, 63. zeremonia martxoaren 14an  izan zena. Sare sozialetan izen entzutetsuenetako bat BTS talde hegokorearra izan zen, “Dynamite” abestiarekin “Best Pop Duo/Group” kategoriara proposatuta zeudenak. 7 kideko talde honen abestiak momentu honetan 940 milioi bistaratze baino gehiago ditu YouTube-n eta plataforma askotako hainbat kategoriatan 52 sari lortu dituzte. 


Kategoria berdinera proposatuta zeuden beste abestien lorpenak oso baxuak dira BTS-eko abestiarekin alderatzen bada. Hala ere, Grammy-a Lady Gaga eta Ariana Grande-ren “Rain On Me” abestiak lortu zuen, hegokorear talde honen ARMY-ak (horrela deitzen dira haien jarraitzaileak, ni barne sartzen naizelarik) shock batean utziz. Ondorioz, ARMY-k Twitterren #LightItUpBTS eta #BTSOurGreatestPrize hashtag-ak trending topic egin genituen, sari hauek arrazismoan eta xenofobian oinarritzen direla esanez. 


ARMY-ren parte kontsideratzen naizenez, sariaren aukeraketa bidegabea izan zela pentsatzen dut. “Dynamite” abestiak inpaktu handia izan du musikaren industrian, marka asko hautsiz. Zer merezi du BTS-ek haien lorpen guztiengatik Grammy bat ez bada? Iritzi ezberdinak daudelakoan, zure esku geratzen da azken gogoeta.


Ainara Irurieta


viernes, 19 de marzo de 2021


 Kaixo, ongi etorri denoi!

Idatzi eta igo zure posta zure gustuko gaiaz: zinema, dantza, poesia, literatura, telesailak, bideojokoak, literatura, moda, kirola... Eta ez ahaztu zure argazkiak edota bideoak igotzea.

Eskerrik asko!